XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

15. ird. Eztainu eta berun elementuen propietateen antzekotasuna, geruza elektronikoek duten antzekotasunaren ondorio da.

-Lerro horizontaletan (periodoak) elementuak beren zenbaki atomikoaren arabera jartzen dira ordena hazkorrean (zenbaki atomikoa, nukleoaren karga positiboa da, eta, dakigunez, hauxe da elementu kimikoa definitzen duen ezaugarria).

-Lerro bertikaletan (taldeak) antzeko propietateak dituzten elementuak jartzen dira.

Taldeak

Talde bereko elementuek ezaugarri komuna dute: kanpoko azken mailan elektroi-kopuru berbera dute.

Are gehiago, elektroi-kopuru hori eta taldea adierazteko erabiltzen den zenbakia, berdinak dira kasu askotan.

Esate baterako, 1 A, 2 S, 3 B, 4 B, 5 B, 6 B eta 7 B taldeetako elementuek 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 elektroi dituzte kanpoko azken mailan.

Jarraian, 1 A, 5 B eta 7 B taldeetako zenbait elementuren egitura elektronikoa duzu.

Maila bakoitzeko elektroiak marratxo baten bidez banaturik jarri dira.

1 A taldea
Li ...2-1
Na ...2-8-1
K ...2-8-8-1
Rb ...2-8-18-8-1

5 B taldea
N ...2-5
P ...2-8-5
As ...2-8-18-5
Sb ...2-8-18-18-5

7 B taldea
F ...2-7
Cl ...2-8-7
Br ...2-8-18-7
I ...2-8-18-18-7

Erregulartasun hau oso garrantzitsua da, zeren azken mailakoa den balentzi mailatik ondorio hau eratortzen baita: talde bereko elementuek antzeko propietateak dituzte (15. ird.).

21. Azter ezazu Taula Periodikoa eta esan ondoko elementuen azken mailako elektroi-kopurua zein den: kaltzioa (Ca), bismutua (Bi), sufrea (S), aluminioa (Al), eztainua (Sn), oxigenoa (O), barioa (Ba) eta zesioa (CS).

22. Ondoko elementuak emanik, bil itzazu bikoteka talde berekoak izanik antzeko propietateak eduki behar dituztenak: germanioa, sodioa, argona, silizioa, kaltzioa, potasioa, teluroa, magnesioa, helioa eta selenioa.

23. Bigarren periodoa osatzen duten elementuak aipatu, eta beraien egitura elektronikoa idatzi.

24. Azal ezazu zer irizpide erabili zuen Mendeleievek elementuak periodikoki ordenatzeko.